XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itsasoan uhain zurizkak dabiltza.

Iraun eginen du denbora honek.

Erlojua. Seirak hamabi gutiago.

Ines etortzeko bi ordu eta hamabi minutu falta dira.

Zigarroa. Mahain gainean daude. Eztul hau.

Ez nuke hainbeste erre behar, gainera ez dakit gehiago gelditzen zaizkidan.

Bai, beste paketea sukaldean dut.

Sukaldea. Inesek ez luke orain ezagutuko.

Zentzu horretan lehengo ohituretara igorri naiz.

Hasieran ahalegintzen nintzen gauzak zuzen edukitzen.

Baina horrek ere Ines gogoratzen zidan.

Berak konprenituko du gaur ene huskeria.

Agian, lanean hasiko gara segituan, berak platerak eta ontziak garbituko ditu eta nik lehortu.

Luze egiten zaizkit memento hauk.

Inesek deitu duenez gero nire baita larriturik dut.

Ustekabe baten bildur naiz.

Luze egiten zaizkit memento hauk eta era berean motz.

Denbora gehiegi dut zai egoteko.

Gutiegi Ines etortzeko.

Bi ordu eta bederatzi minutu Inesi itxaroteko.

Agian, uda guztian zai egon naiz.

Beharbada, ez dut inoiz etsi.

Kanpora irtetzen nintzenean ere, beti uzten nuen atean papertxo bat, noiz etorriko nintzen adieraziaz.

Baina Ines ez zen inoiz etorri.

Bazekien ni zai nengoela, baina ez da etorri.

Agian, lagun berriak eginen zituen.

Udan jende asko ezagutzen da.

Gainera, Ines bezalako neska bati ez zaizkio inoiz lagunak faltako.

Baina hemendik berehala Ines etortzen denean, ez diot hau dena esanen.